Parte-hartzaileentzat arau orokorrak

Ikusi COVID19 ZEHAZTAPENAK

* COVID araudia parte-hartzaileentzat arau orokorren gainetik egongo da.

Garrantzitsua da arau hauek irakurtzea eta party-a martxan den bitartean kontuan izatea. Barrutira sartzearekin bat, arau hauek ezagutzen eta onartzen dituzuela jotzen da.

ANTOLAKUNTZA 

Party-a erakunde ugarik babesten dute; hala ere, antolakuntza osatzen duten boluntarioek gauzatzen dute. Boluntario horiek, antolatzaile gisa, ekitaldiaren alderdi guztiek ondo funtziona dezaten saiatzen dira. Hala, jarduerak, emandako zerbitzuak eta erabiltzaileei eragin diezaiekeen beste edozein alderdi gainbegiratu behar dute. Haien esku daude parte-hartzaileen eskubideak bermatzeko lanak, bai eta hemen xehatzen ditugun arauak betearaztea ere. Antolatzaile guztiek dute antolakuntzaren aginpidea eta babesa arauak betetzen direla bermatzeko edo dagozkien zigorrak aplikatzeko egin beharrekoak egiteko. Hala eta guztiz ere, segurtasun-arduraduna ere egongo da, behar bezala identifikatuta. Arau hauek betetzen direla bermatuko du, eta erabiltzaileei lagunduko die izan daitekeen edozein auzitan.

Antolakuntzakoak ez direnek debekatua dute antolakuntzaren identifikatzaileak erabiltzea. Antolakuntzako kide-itxurak egiten dituztenak (haren kamiseta daramatelako edo beste edozein arrazoirengatik) zigortu egin daitezke.

Debekatuta dago, halaber, antolakuntzaren aurreko urteetako kamisetak janztea, edozein modutara eskuratu direla ere.

BARRUTIA

Ekitaldia egiten den lekua hirugarren batzuei alokatzen zaie, haien instalazioen egokitasuna, kokapena, tamaina eta sarbide-erraztasunak kontuan izanda. Erabiltzaileen eskaerei erantzuten saiatuko da beti antolakuntza. Hala eta guztiz ere, zenbait zerbitzu ez daude haren esku, eta alokatzailearen ardurapekoak dira. Antolakuntzaren eta alokatzailearen arteko harremana etengabekoa da, eta, oro har, eskaerak azkar jakinarazten dira, eta azkar erantzuten zaie.

Bestalde, party-rako material guztia ere alokatua da. Espero dugu denok jakitea zeinen garrantzitsua den materiala aurkitutako leku berean uztea.

ORDUTEGIAK eta SARBIDEAK

Barrutia egunean 24 orduz egongo da irekita ekitaldia martxan den bitartean. Parte-hartzaileek (ondo akreditatuta badaude) eguneko edo gaueko edozein ordutan sartzeko eta irteteko aukera dute. Sarbideak segurtasun-langileek zainduko dituzte uneoro. Sartzeko eta irteteko, parte-hartzaileen akreditazioa erabili beharko da, segurtasun-arrazoiak direla eta.

Akreditazioa eskuratzeko ordutegi bat egongo da (ekitaldiaren webgunean dago ikusgai), eta ez da emango ordutegi horretatik kanpo.

IDENTIFIKATZEA

Party-ra joaten diren erabiltzaileek, akreditatzeko garaian identifikazio pertsonal eta besterenezina jasoko dute, beti gainean eta ikusteko moduan eraman beharrekoa.

Akreditazio bakoitzaren zenbakia bakarra da, eta parte-hartzaile jakin bat identifikatzen du. Bakoitzaren ardura da bere izenean esleitutako akreditazioa eramatea akreditatzeko garaian. Ezin da erabili besteren akreditaziorik, talde bereko kideak izanda ere.

Barrutira sartzeko nahiz irteteko balio du identifikazioak, bai eta ekitaldiaren eremu batetik bestera joateko edo erabiltzaileari berari esleitutako eremuan egoteko ere. Identifikazioa edozein antolatzailek edo segurtasun-langilek eska dezake, edonoiz, norbaiten identitatea egiaztatzeko, edo, muturreko kasuren batean, arau-hausleren bat kanporatzeko. Nahitaezkoa da, beraz, identifikazioa ondo gordetzea eta egoera onean edukitzea party osoan.

Galduz gero, akreditazioa ematen den lekura joan behar da. Lehen aldian, doakoa da aldaketa egitea eta galdutakoa ezeztatzea. Bigarren alditik aurrera, akreditazioa galtzeak 15 €-ko kostua du erabiltzailearentzat.

Akreditazioa behar ez bezala erabiliz gero, zigorra jarriko da: zuzenean ekitalditik kanpo geratuko da parte-hartzailea.

PORTAERA OROKORRA

Antolakuntzak ezin du bere gain hartu erabiltzaile batzuek besteekin duten portaeraren ardura, baina parte-hartzailek beren artean gutxieneko gizalegezko arau batzuk bete beharko lituzketela jotzen da. Elkarbizitzarako gutxieneko parametroak dira gainerakoak errespetuz eta hezibidez tratatzea, ahozko erasorik edo eraso fisikorik ez egitea, portaera desegokirik edo jarrera oldarkorrik ez izatea. Gutxieneko arau horiek ere betetzen ez badira, antolakuntzak parte har dezake eta arau-hausleak zigortu. Gatazkak eragiten dituzten pertsonen jarreraren araberakoa izango da zigorra ere. Nahikoa da zentzuz jokatzea elkarbizitza atsegina izan dadin: besteen jabetza errespetatzea, oihurik ez egitea, gutxieneko higienea mantentzea, bai pertsonalki, bai esleitu zaigun lekuan, kideak errespetatzea, bandalismo-arazoak… Antolakuntzak portaera gatazkatsuren bat detektatzen badu, haiek eteteko esku hartuko du. Baliteke polizia-agintariek esku hartzeko eskatzea ere, zigortutako pertsonek jarrera berekin jarraitzen badute.

HIGIENEA ETA ORDENA

Erabiltzaile bakoitzak bere postu finkoa du, eta haren arduradun izan behar du, ordenari eta garbitasunari dagokienez. Ekitaldia martxan den bitartean eta hura amaitu ondoren, parte-hartzaile bakoitzak (posible den heinean) garbi eta ordenatuta eduki behar du leku hori.

Korridoreak pasatzeko eremuak dira, eta guztiz debekatuta dago oztopoak jartzea. Mahaietan eta laneko eremuetan ere debekatuta dago oztopoak jartzea. Posturen bat pasatzeko traban dagoela edo higiene aldetik desegokia dela aurkituz gero, antolakuntzak ordenatzeko edo garbitzeko eskatuko die jabeei. Eskaera horri jaramonik egin ezean, egoki iritzitako zigorrak ezarriko dira. Pabilioi osoan banatuta daude zaborrontziak. Sortuz joaten den zaborra haietara botatzea ez da lan handia, eta hala egiteko eskatzen zaie parte-hartzaileei.

Party-a amaitzean, parte-hartzaileen postuak berrikusi egingo dira. Posturen batek ez badu bete arestian aipatutako araua, baliteke aurrerantzean ekitaldian parte hartzen ez uztea.

MATERIALAREN ETA INSTALAZIOEN ZAINTZA

Ekitaldian, zenbait material eta zerbitzu jartzen dira parte-hartzaileen eskura. Ahal den gizalege handienaz erabili behar dira. Portaera bandalikoren bat aurkitzen bada, antolakuntzak berehala eten eta zigortuko du. Muturreko kasuetan, eragileak kaleratu egingo dira, eta eragindako kalteak ordainaraziko zaizkie. Horrez gain, salaketa formala ere jar liteke agintari eskudunen aurrean.

Jarritako materiala egoera onean egoten da, erabilera egoki batentzat. Bakoitzak aztertu egingo du, arazoren bat antzeman ezkero abisua emateko. Antolakuntza ez da gerta daitezkeen kalteen erantzule izango.

Halaber, parte-hartzailea, barrutian sartzen duen materialaren arduradun egingo da.

ELEKTRIZITATEA

230 V-eko hargune bat ematen dio antolakuntzak erabiltzaile bakoitzari. Elektrizitate-hargune horrek erabiltzeko behar dituen kondizio guztiak betetzen ditu, eta instalatzaileak ziurtatu du. Konexio guztiek indarrean den legeria betetzen dute, eta egonkortuta daude. Beraz, antolakuntzak ez du bere gain hartzen hari lotutako gailu elektronikoen kalteen erantzukizunik.

LAPURRETAK

Parte-hartzaileren bati lapurreta egiten badiote, horretarako ekintza-protokolo bat dago. Hasteko, antolakuntzako segurtasun-arduradunari jakinarazi behar dio.

Gorabehera ahalik eta ondoena konpontzen saiatuko da antolakuntza, ahal den heinean. Salaketa formal bat ere jar liteke polizia-agintarien aurrean. Erabiltzaileak egin behar du hori. Hala bada, antolakuntzak eta alokatzaileak, biek lagunduko diete agintariei, bildutako informazioa guztia emanez.

Lapurra identifikatzerik baldin bada, antolakuntzak berehala kaleratuko du, eta hurrengo urteetan parte hartzeko aukera kentzeko eskubidea ere izango du. Ekitalditik kaleratzeak ez du ordezten kaltetuak arau-hausleari egin diezaiokeen salaketa legalik, eta ez da horrekin bateraezina ere.

Hala eta guztiz ere, antolakuntzak ez du bere gain hartzen ekitaldian gerta litekeen inolako lapurretaren ardurarik.

GALERAK

Parte-hartzaileren batek objekturen bat galtzen badu, antolakuntzaren segurtasun-arduradunarekin harremanetan jarri behar du. Gorabehera ahalik eta ondoena konpontzen saiatuko da antolakuntza, posible den heinean.

Ekitaldia amaitu ondoren galdutako objekturen bat aurkitzen bada, jabeei horren berri emango zaie (jabea nor den jakinez gero), eta antolakuntzak gordeko du, gehienez ere hilabeteko epean. Objektu horiek hilabeteko epean erreklamatzen eta jasotzen ez badira, antolakuntzak ondoena irizten diona egingo du haiekin.

Hala eta guztiz ere, antolakuntzak ez du bere gain hartzen ekitaldian gerta litekeen inolako galeraren ardurarik.

ERRETZEA, ALKOHOLA EDATEA ETA DROGAK KONTSUMITZEA

Lege berrien arabera, debekatuta dago barruti itxi publikoetan erretzea, eta, antolakuntzak lege hori bete beharra dauka. Debekatuta dago barruti osoan erretzea, horretarako jarritako eremuan izan ezik (barrutiaren kanpoaldean), zigarro elektronikoak barne. Erabiltzaileen eremuan, kafetegian, komunetan, korridoreetan, logeletan eta abarrean ere ezin da erre. Araua hausten aurkitzen direnak zigortu egingo dira.

Halaber, debekatuta dago edozein graduazioko edari alkoholdunak eta drogak kontsumitzea (baita droga-trafikoa ere, noski) barrutian (hor sartzen dira logelak eta inguruko eremuak ere). Ikusten bada erabiltzaileren bat alkoholaren edo drogen eraginpean dagoela eta arazoak sortzen ari dela, antolakuntzak zigortu egin dezake, sortutako arazoen edo duen jarreraren proportzioan.

KANPOKO EREMUAK

Erabiltzaileek ekitaldirako gaitutako eremuetan egon behar dute, eta horretarako jarritako ateak erabili behar dituzte. Beraz, debekatuta dago beste edozein atetatik irtetea, pertsona baimenduentzat izan ezik. Beste ate horietatik (irekita egongo dira, segurtasun-arrazoiengatik), ibilgailuak igarotzen diren gainbegiratu gabeko eremuetara sar daiteke, edo alokatzaileak erabiltzea baimentzen ez duen eremuetara. Beraz, arriskutsua da baimendu gabeko pertsonak han ibiltzea.

ETXETRESNA ELEKTRIKOAK ETA BESTE GAILUAK

Erabiltzaileen postuek elektrizitate-elikadura dute; entxufe bat parte-hartzaile bakoitzeko. Parte-hartzaileek elikadura-erregeletak eraman ditzakete (eta eraman behar dituzte), ekipo bat baino gehiago entxufe bakarrera konektatu ahal izateko. Elektrizitate-elikadura parte-hartzaileek ekarriko dituzten ekipo informatikoetarako da, inondik inora ere ez etxetresna elektrikoak, haizagailuak edo beste gailu batzuk erabiltzeko. Izan ere, makina horiek tentsio-arazoak eragin ditzakete, eta, horren ondorioz, baliteke elikadura galtzea erabiltzaile-eremu handietan.

Beraz, debekatuta dago sukalderako gailuak erabiltzea (txigorgailuak, sandwich-makina, kafe-makinak, ur-berogailuak, plantxak, hozkailuak, mikrouhin-labeak edo antolakuntzak egoki deritzon beste gailuren bat).

Debekatuta dago parrilla, barbakoa, su txiki edo antzekoak erabiltzea.

Aipatu ez den beste edozein gailuri dagokionez, antolakuntzaren esku geratuko da (antolakuntzako edozein kideren esku) gailua katalogatzea eta erabiltzaileen eremuan erabil daitekeen ala ez erabakitzea. Haren erabakia eztabaidaezina eta erantzunezina izango da. Debekatutako gailuren bat aurkitzen bada, antolakuntzak konfiskatu egingo du ekitaldia amaitu arte. Baliteke zigorren bat ere jasotzea.

Zalantzaren bat izanez gero, gailua konektatu aurretik, segurtasun-arduradunarengana jo behar da, eta hark erabakiko du gailua ekitaldiko elektrizitate-sarera konekta daitekeen ala ez.

HOZKAILUAK

Parte-hartzaileek eskubidea dute barrutian elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak sartzeko. Janari/edari horiek kontserbatzeko, nahi izanez gero, hozkailu eramangarriak erabil daitezke, betiere muga hau kontuan izanda: ez da onartzen funtzionatzeko korronte elektrikoa behar duen hozte-sistemarik, edozein motatakoa dela ere (220 V-eko zuzeneko elikadura, transformagailuak, USBa, PCaren elikadura-iturria…). Beraz, hozkailu eramangarri ez-elektrikoak soilik eraman daitezke ekitaldira. 

Arestian aipatutakoa betetzen ez duten hozkailuak konfiskatu egingo dira ekitaldia amaitu arte.

ZARATA, OIHUAK ETA BOZGORAILUAK

Gainerakoekiko errespetuz, ezingo da erabili ordenagailura konektatutako banakako bozgorailurik. Antolakuntzak soinu-sistema orokorraren bidez jartzen duen giro-musika soilik dago baimenduta. Parte-hartzaileek entzungailuak erabili behar dituzte musika, filmak eta egiten ari direnaren soinu-efektuak edo jokoenak entzuteko. Antolakuntzak aurkitzen dituen bozgorailu guztiak konfiskatu egingo dira, eta ekitaldia amaitu ondoren itzuliko dira. Arau hori aplikatuko zaie musika-ekipoei ere.

Party-an egiten diren ekoizpenetako asko pantaila orokorretan proiektatuko dira. Egileekiko errespetua izateko eta gizalegez jokatzeko, isilik egon behar da proiektatu bitartean. Antolakuntzaren iritziz, hori bete ezean, zigorren bat ezar liteke.

Oro har, eta, bereziki, logelen eremuan, parte-hartzaileek jarrera lasaia izan behar dute; ez dute oihurik egin behar, ez dute zarata gehiegirik atera behar, ezin dute klaxonik jo, ez eta lasterketarik edo gainerako parte-hartzaileentzat gogaikarri izan daitekeen ezer egin ere.

LASERRAK, FOKUAK, LINTERNAK ETA PROIEKTOREAK

Arriskutsuak direnez, ezin da erabili laserrik ekitaldi guztian: ez eramangarririk, ez finkorik, ez motorizaturik. Arau hori bera aplika dakieke fokuei ere. Laserrak eta fokuak aurkitzen badira, antolakuntzak jaso egingo ditu, eta ekitaldia amaitu ondoren emango dizkio jabeari. Beti egongo da gutxieneko argiztapen bat eremu guztietan. Hala eta guztiz ere, parte-hartzaileek linternak erabil ditzakete barrutian leku batetik bestera joateko, betiere arduraz erabiltzen badira. Flexo-erako lanparak ere erabil daitezke erabiltzaile-postua argitzeko.

Antolakuntzaren baimenik gabe barrutian proiekzioak egitea ere debekatuta dago.

PATINAK, PATINETEAK ETA MONOPATINAK

Barruti barruan oinez bakarrik ibil daiteke. Ezin da erabili patinik, patineterik, monopatinik, bizikletarik edo halako ibilgailurik. Parte-hartzaileren bat halako ibilgailuren bat erabiltzen aurkituz gero, konfiskatu egingo zaio, eta zigortu egingo da. Antolakuntzako kide batzuek, beren lana dela eta, ibilgailuekin (ibilgailu motorizatuak edo motorizatu gabeak) ibili beharko dute pabilioian. Kasu horretan, ibilgailuak behar bezala identifikatu behar dira, antolakuntzak baimendutako gisa.

Ekipamendua garraiatzeko, erabiltzaileek orgak, eskorgak, plataforma gurpildunak edo antzeko aparatuak erabil daitezke, baina muntatzeko eta desmuntatzeko garaian soilik. Ekipoa instalatu ondoren, erabiltzaileek jaso egin behar dituzte, lekua alferrik har ez dezaten eta istripurik eragin ez dezaten.

Guztiz debekatuta dago ekitaldira supermerkatuko erako orgak sartzea, edonongoak direla ere.

AULKIAK ETA KOLTXONETAK

Antolakuntzak aulki bana ematen die erabiltzaileei ekitaldi guztirako. Nahi duenak bere aulkia ekar dezake, emandakoaren ordez erabiltzeko, baina ez dira pasabidea oztopatu edo zaildu dezaketen aulkirik onartuko. Aulki ofiziala nahiago dutenek kontuan izan behar dute parte-hartzaile bakoitzak aulki bakarra erabil dezakeela. Ezin dira metatu. Erabiltzaileren batek aulki bat baino gehiago baditu, antolakuntzak kendu egingo dizkio aulki gehigarriak. Baliteke aulkiren bat puskatzea ere. Halakorik gertatuz gero, jabeak antolakuntzari eman behar dio, berri batekin trukatzeko. Kalteren bat duten aulkiak kendu egingo ditu antolakuntzak, eta ezin izango dira erabili metatzeko.

Erabiltzaileen eremua sarea erabiltzeko jardueretarako da, ez lotarako. Beraz, debekatuta dago hamakak, koltxoiak, koltxonetak, sofak, besaulkiak eta eserleku puzgarriak erabiltzea party-aren eremu barruan (konfiskatu egingo dira ekitaldia amaitu arte). Lo egin nahi duenak logelen eremuan egin behar du.

DRONEAK

Ezin izango da dronerik hegan erabili, horretarako baimendutako lekuetan eta ordutegietan izan ezik (egongo balira).

 

POSTUAK ETA PASATZEKO LEKUA

Izen-emate bakoitzak postu bakarra erabiltzeko eskubidea ematen du (betiere aldez aurreko izen-emate prozesuan eman bazaio), behar bezala identifikatua eta erabiltzaileari lotua. Debekatuta dago edozein produkturen salmenta, postuan edo baimendu gabeko lekuetan. Debekatuta dago besteen postuak erabiltzea, inguruko postuak norberarentzat hartzea, eta, bereziki, korridore eta pasatzeko lekuak norberaren postuaren “luzapen” gisa erabiltzea. Halakoren bat gertatzen bada, antolakuntzak erabiltzaileari esango dio esleitutako eremuan sartu behar duela. Kasurik egiten ez badu, dagokion zigorra jasoko du erabiltzaileak.

Postua ez bada hartzen ekitaldia hasi eta 24 ordu igaro aurretik, antolakuntzaren esku geratzen da, eta beste parte-hartzaile bati eman dakioke.

Kasu apartekoren batzuetan, antolakuntzak salbuespenen bat egin lezake arau horretan.

SOFTWAREA ETA PIRATERIA

Lizentziak kopiatzeko baimenik ematen ez duen programak kopiatzea eta egile-eskubideak dituen musika edo bestelako ikus-entzunezko materiala kopiatzea delitua da. Antolakuntzak ez du babesten eta ez dago ados softwarearen legez kanpoko erabilerarekin, pirateriarekin eta/edo egile-eskubideen legeak haustearekin. Ekitaldiaren sarearen bidez kopia daitekeen software bakarra da parte hartzen duten talde edo pertsonek egindako lana edo kopiatzeko aukera ematen duen softwarea (software librea, shareware, freeware, musika-lizentzia libreak…).

Dena dela, ekitaldiaren antolakuntzak ez du bere gain hartzen parte-hartzaileen ekipo informatikoen edukiaren erantzukizunik, ez eta parteka litezkeen fitxategien erantzukizunik ere, ekitaldian bertan Internetetik deskargatuak izan edo ekitaldira ordenagailuan ekarriak izan.

SAREKO EKIPAMENDUA ETA KOMUNIKAZIO-INSTALAZIOAK

Komunikazioko switchak, argi-diferentzialak, entxufeak, kableak, zuntz optikoa eta gainerako instalazio komunak antolakuntzako langileek soilik erabil ditzakete. Elementu horietakoren bat manipulatzen aurkitzen bada parte-hartzaileren bat, zigortu egingo da, erantzuteko eskubiderik gabe, eta baliteke kanporatzea ere, egindakoaren larritasuna kontuan izanda.

UTP kable bakar bat ematen dio antolakuntzak parte-hartzaile bakoitzari, komunikazio-sarera konektatzeko (debekatuta dago parte-hartzaile bakarrak sare-kable bat baino gehiago erabiltzea eta norberaren kablea inguruko postuetakoarekin aldatzea). Erabiltzailearen kableak funtzionatzen ez badu edo egoera txarrean badago, eragindako erabiltzaileak sarearen ardura duten antolakuntzako kideen gelara joan behar du, arazo hori ahal den azkarrena konpontzeko.

Parte-hartzaileren batek ekipo bat baino gehiago konektatu nahi badu aldi berean komunikazio-sarera, bere switchak eta bideratzaileak erabil ditzake. Horretarako, ekipo hori antolakuntzari (sareen alorra) aurkeztu behar dio lehenik. Orduan (hala badagokio eta erabiltzaileari eman beharreko argibideak eman ondoren), “onartu” gisa identifikatuko dira. Baliozkotze-identifikaziorik ez duen komunikazio-ekipo partikularren bat aurkitzen bada martxan, konfiskatu egingo da ekitaldia amaitu arte, eta, jabea, berriz, zigortu.

SARREREN ERABILERA

Tokiko sarea eta Interneteko sarbidea ondasun partekatuak dira, eta denok zaindu behar ditugu. Haiek saboteatzeko edo gaizki funtzionatzea eragiteko saiakerak aurkituz gero (sareari erasotzea, bot-ak erabiltzea, birusak sortzea, harrak sortzea, DHCP zerbitzariak, software gaiztoa…), antolakuntzak zigorra jarriko dio eragileari, eta kaleratu ere egin dezake.

Antolakuntzak ez du bere gain hartzen parte-hartzaileen ekipoen babes informatikoa; beraz, nork bere antibirusa eta suebaki-softwarea erabiltzea gomendatzen da, bai eta sistema eragileen azken eguneraketak egitea ere. Antolakuntzak ez du konpromisorik hartzen, halaber, parte-hartzaileen sarearen etengabeko zerbitzua emateko, deskonexioa arrazoi ezezagunengatik edo funtzionamendu egokiaren arduradunei egotzi ezin zaien arrazoiengatik gertatu bada.

KONTROL-EREMUAK

Alorretako arduradunentzako (sareak, zerbitzariak, pantailak, jokoak, akreditazioak, biltegiak…) eta zerbitzuak emateko gela batzuk ere badaude. Eremu horietan, antolatzaileak soilik egon daitezke. Gela horietako batean arduradunen berariazko baimenik ez duen parte-hartzaileren bat aurkitzen bada, ekitalditik kanporatuko da berehala.

Geletan dauden antolatzaileekin harremanetan jartzeko, arrazoia edozein dela ere, eskailera bat dago, antolakuntzarekin azkar eta zuzenean harremanetan jartzeko.

ALORRAK ETA JARDUERAK

Hemen jasotzen diren arauek parte-hartzaileen portaera orokorrari dagozkio, eta antolatzaileek bermatu behar dute betetzen direla. Hala, antolakuntzako kide guztiek dute aginpidea faltak eta ez-betetzeak aurkitzen dituztenean zigorrak ezartzeko.

Ekitaldia martxan den bitartean, jarduera ugari egingo dira, eta guztiak antolakuntzako arduradun espezifikoak gainbegiratzen eta koordinatzen dituzte. Jarduera bakoitzak bere arauak ditu; parte hartu nahi duten guztiek ezagutu behar dituzte, eta alor bakoitzeko arduradunak kudeatu behar ditu.

LEHIAKETAK ETA SARIAK

Diru-sariren bat duten lehiaketetan parte hartzeko, parte-hartzaile izan behar da. Ezin da parte hartu lehiaketa ofizial batean party-an posturik izan ezean eta postu horretan ordenagailu edo kontsola bat izan ezean.

“Beste Jarduerak” alorrean ez da aplikatzen muga hori.

Lehiaketek gutxieneko parte-hartzaile kopuru bat izan behar dute saria eskuratu ahal izateko. Antolakuntzak erabakiko du zein den gutxieneko parte-hartzaile kopurua.

Sari materialen bat jasotzen dutenek (hau da, ez diruzko sariak) sari-banaketan egon behar dute, jasotzeko. Sari-banaketara joaterik izan ezean, hirugarren pertsona baten esku utz daiteke saria jasotzea. Pertsona horrek hauek eraman behar ditu: sarituaren NANaren fotokopia eta sarituak idatzitako eta sinatutako baimena, bien NAN-zenbakiak jasotzen dituena. Sari materiala ezin da bidali mezulari bidez, inola ere.

Baldintza horiek bete ezean, saria antolakuntzaren aktiboen parte izango da, ondorio guztietarako.

Saria baletan bada, posta elektronikoz bidaliko da sariaren balioa duen kode bat, eta eskaera egitean trukatu ahal izango da. Bidaltze-gastuak sartu gabe. Txartelak bi urtera iraungiko dira, entregatu diren ekitaldiaren amaiera-datatik zenbatzen hasita.

Dirutan emango diren sariek dagozkien atxikipenak izango dituzte indarrean dagoen legeriaren arabera. Kasuan-kasuan aplikagarri den beste edozein zeharkako zerga ere zenbatekoaren barruan dagoela joko da. Banku-transferentzia bidez ordainduko dira. Eskatutako datuak posta elektroniko bidez bidali behar zaizkio antolakuntzari, ekitaldia amaitu eta hilabete bat igaro aurretik (bestela, ez da izango eskubiderik irabazitako zenbatekoa kobratzeko).

Sariduna Espainian bizi ez bada, Espainiaren eta sariduna bizi den herrialdearen arteko Zergapetze Bikoitzeko Hitzarmenean xedatutakoari jarraituko zaio; indarrean dagoen legeriaren arabera egingo da atxikipena, eta Hitzarmenean aurreikusi diren onurak aplikatuko zaizkio, hala badagokio. Hitzarmen batean aurreikusitako edozein zerga-onura aplikatu ahal izateko —zergak sariduna bizi den herrialdean bakarrik ordaindu behar direla ezartzen diren kasuak barne—, Espainian bizi ez den saridun horrek dagokion bizileku fiskalaren ziurtagiria aurkeztu beharko du, bere herrialdeko agintari fiskalek emana, atxikipenik egin behar ez zaiola justifikatzeko. Bestela, dagokion atxikipena egingo zaio Hitzarmenaren xedapenak aplikatu gabe. Bi herrialdeen artean Zergapetze Bikoitzeko Hitzarmenik ez badago, Espainiako barne-araudian ezarritakoa beteko da.

Aurkezten diren zerga-bizilekuen ziurtagiriek urtebeteko balioa izango dute (ziurtagiria jaulki zen egunetik hasita), eta gaztelaniaz idatzita egon behar dute. Ziurtagirian espresuki jaso behar da saritua herrialde horretan bizi dela, hitzarmenak horretarako ematen duen definizioari jarraituz.

ZIGORRAK

Arauak hautsiz gero ezarriko diren zigorrak askotarikoak izan daitezke, eta zigortutako arau-haustearen araberakoa izango da haien gogortasuna (zigor txikiak metatuz gero, baliteke automatikoki zigor handiagoa ezartzea). Antolakuntzak zigor hauek ezar ditzake (arinenetik larrienera), edo hauen arteko konbinazioren bat:

  • Ahozko zigorra arau-hausleari, pribatuan.
  • Zigor publikoa, megafonia-sistema orokorren bidez.
  • Sare-zerbitzuak kentzea denbora-tarte batez.
  • Sare-zerbitzuak behin betiko kentzea.
  • Arauak haustea eragin duten elementuak konfiskatzea; ekitaldia amaitu ondoren itzuliko dira, edo, bestela, erabiltzaileak behin betiko alde egitea erabakitzen duenean.
  • Araua hautsi duen pertsonari identifikazioa kentzea eta aldi baterako kanporatzea.
  • Araua hautsi duen pertsonari identifikazioa kentzea eta behin betiko kanporatzea.
  • Araua hautsi duen pertsonari ez uztea hurrengo urteetan party-an izena ematen.
  • Antolakuntzak araua hautsi duen pertsona salatzea polizia-agintari eskudunen aurrean.

Saritutako kategoriaren batean irabazle izan diren eta arauren bat hautsi duten parte-hartzaileek, dagokien zigorra jasotzeaz gain, galdu egingo dute saria eskuratzeko eskubidea.

Antolakuntzak eskubidea du edonori ekitaldian parte hartzea ukatzeko edo kanporatzeko, edozein fasetan, baldin eta antolakuntzaren iritziz parte-hartzaileren batek (edozein arrazoi dela eta) jarrera iraingarria izan badu, legearen, moralaren eta ordena publikoaren aurkakoa bada, edo, beste edozein modutan, beraren irudiari edo hirugarren batzuei kalte egin badie.

  igo ^

twitter facebook flickr youtube instagram twitch