Uztailaren 22tik 25era egingo den Euskal Encounter topaketa, Estatuko lanparty urtetsuena, BECera itzuliko da aurten. Urtero milaka lagun biltzen dituen lanpartyak 29. urteurren berezia ospatuko du, eta parte-hartzea nabarmen mugatua izango da Covid-19aren aurkako segurtasun-neurriak zorrotz bete ahal izateko.
Euskaltel Fundazioak antolatu eta Eusko Jaurlaritzak (SPRIren bitartez) eta Euskaltelek babestutako bilkurak sormen digitalarekin, hardwarearekin, software librearekin eta bideo-jokoekin lotutako dozenaka jarduera eta lehiaketa eskainiko ditu, eta ikaskuntza nahiz ezagutza-trukea sustatuko ditu parte-hartzaileen artean.
Opengunea, publikoari irekitako stand eta hitzaldien atala, online egingo da, eta gai espezifikoei zein interes orokorrekoei buruzko hitzaldiak eta doako tailerrak izango dira. Hitzaldi horietako asko zuzenean jarraitzeko aukera izango du interesa duen edonork, bai Discord plataformaren bai Youtubeko kanalaren bitartez, eta gai anitz izango dira aztergai: besteak beste, bideo-jokoen diseinatzailearen rola eta sektore horretan ekintzaile izateko gakoak, kriptotxanponen munduan sortzen ari diren iruzur-motak, adimen artifizialaren aplikazioak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan.
Partyaren jarduera gehienak Encounter TV programan eman eta komentatuko dira. Topaketa teknologikoaren azken albisteak jarraitu nahi dituen edonork saioa streaming bidez jarraitzeko aukera izango du Twitch plataformaren bidez.
Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatzen duen Encounter sarearen urteko ekimen nagusia da. Topaketa teknologiko hauen xedea da, hain zuzen, pertsonen, enpresen eta egitasmoen arteko loturak sortu eta bultzatzea, IKT-en testuinguruan.