Teknologia berrien zaleak elkartzen dituen Euskal Encounter topaketa, Euskaltel Fundazioak antolatua, BECera itzuliko da uztailaren 22 eta 25 artean. Hala, formatu presentzialera bueltatuko den gisa honetako lehen topaketa izango da Estatuan, eta koronabirusaren aurkako segurtasun neurri zorrotzenekin gauzatuko da, baita ohiko edukieraren murrizketa handiarekin ere, % 10era mugatu baitute partaidetza.
Oraingoan, 540 ordenagailu hartuko ditu 2019an 5100 makina bildu zituen 5. pabiloiak. Edukieraren murrizketa garrantzitsuari eta garbitasun, aireztatze zein urruntze neurriei esker, “topaketaz lasaitasun osoz gozatu ahal izango dugu”, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta lanpartyaren koordinatzaile Sabino San Vicenteren esanetan.
“Ospakizun presentzialetara itzultzeko lehen pausoa da hau. Urte eta erdiz partyak online egin ostean, Encounterren deskonfinamendu prozesuari ekiteko aukera ikusi dugu. Helburua normaltasunera bueltatzea da, gutxinaka eta egoerak eskatzen dituen zuhurtasun, neurri eta murrizketa guztiekin”, adierazi du San Vicentek.
Gainera, ohiko party presentzialen mailako egitaraua antolatu dute antolatzaileek, dozenaka lehiaketa eta jarduerarekin betiko ataletan: sormen digitala, hardwarea, programazioa eta bideo-jokoak.
Gaur goizean Bilboko Azkuna zentroan egindako prentsaurrekoan, Iruri Knörr Euskalteleko Marketin Digitaleko arduradunak azpimarratu du "betiko ilusioarekin" ekingo diola Euskaltelek aurtengo edizioari. "Ziur gaude segurtasun neurriek eta parte-hartzaileen erantzukizunak edizio historiko batez gozatzeko aukera emango digutela".
Euskaltelek eskainitako konektibitatea izango da bilkuraren indarguneetako bat; izan ere, segundoko 60 gigabiteko konexioari esker, Estatuko topaketa azkarrena bilakatu da. Horrez gain, aurten ahalegin berezia egingo dute ingurumenaren alde, energia-kontsumoa murrizten eta hondakinak gaika biltzen lagunduko duten neurriekin, besteak beste.
Bestalde, Leyre Madariagak, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariak, "komunitate digitalaren" hitzordu berria antolatu izana txalotu eta prestakuntza-eskaintza azpimarratu du. Uztailaren 22tik 24ra bitartean, gai espezializatuei zein interes orokorrekoei buruzko hitzaldi eta tailerrak izango dira online interesa duen edonorentzat. Guztira, 28 saio egingo dira gai anitzen inguruan: bideo-jokoen diseinatzailearen rola eta sektore horretako ekintzailetza, kriptomoneten munduan sortzen ari diren iruzur-motak, adimen artifizialaren aplikazioak eta zibersegurtasuna hainbat arlotan. Saio horiek zuzenean ikusi ahal dira Euskal Encounterreko Youtubeko kanalean, eta partyaren nondik norakoak Twitch bidez jarraitu ahal izango dira Encounter TV programari esker.
Talde teknikoa hitzordu handirako prestaketa-lanak amaitzen ari da. Euskaltel eta Eusko Jaurlaritza (SPRIren bitartez) babesle dituen ekimenaren xede nagusia parte-hartzaileen arteko elkarlana sustatzea izango da; izan ere, "Encounterrak ezagutza teknologiko askotarikoak eta osagarriak dituzten pertsonen topagune dira, eta ikasteko nahiz irakasteko gogotsu datoz, gainera. Testuinguru horrek proiektuak eta enpresak garatzen laguntzen du, eta, hortaz, kontaktuak egitea eta ezagutza-trukea erraztea da gure helburua, sektore honetako ekintzailetza suspertze aldera", jakinarazi du Sabino San Vicentek.