- Gaur eguerditik abian da Euskal Encounter 29, BECen, eta uztailaren 25era arte burutuko da. Segurtasuna bermatzea izango da topaketa teknologikoaren lehentasuna, eta koronabirusaren aurkako protokolo zorrotza aplikatuko da, pabiloien tamaina handiari, aireztapenari eta edukiera murriztuari esker, besteak beste.
- Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leyre Madariagak adierazi du pozik dagoela bilkura formatu presentzialean egin ahal izanagatik, eta ekimen honen filosofia Jaurlaritzak eraldaketa digitalaren alde egindako apustuarekin bat datorrela ere nabarmendu du.
- Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak egungo egoeran aurrez aurreko hitzordua antolatzeak dakartzan zailtasunak azpimarratu ditu, eta Euskaltelek eskanitako segundoko 60 gigabiteko konexio-abiadura goraipatu du. Izan ere, edukiera murriztua dela eta, bertaratutakoek erabilpen-esperientzia bikaina izango dute. Gainera, "egun hauetan gozatzera, ikastera eta ezagutzak partekatzera" gonbidatu ditu parte-hartzaileak.
- Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak, parte-hartzaileen kolaborazioa eskatu du topaketa eredugarria izan dadin eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako Encounterrak ere aurrez aurre egin ahal izan daitezen.
- Ekimena Euskaltel Fundazioak antolatu du Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Euskaltelen babesarekin.
Gaur hasi da 29. Euskal Encounter topaketa teknologikoa, Estatuan gauzatuko den gisa honetako lehen bilkura, pandemiaren ondorioz horrelako ekitaldiak eten egin behar izan baitira. Segurtasuna bermatzea izango da, noski, euskal lanpartyaren lehentasuna, eta koronabirusaren aurkako protokolo zorrotza izango da horretarako: pabiloien tamaina handiak, aireztapenak eta edukiera murriztuak lagungarriak izango dira. Hain zuzen, partaidetza nabarmen txikiagotu da, aurreko urteetako zifraren %10era, distantziak mantendu ahal izateko.
BECen eguerdian egin den inaugurazio-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendari Leyre Madariagak adierazi du pozik dagoela ekitaldia formatu presentzialean egin ahal izanagatik, eta ekimen honen filosofia Jaurlaritzak eraldaketa digitalaren alde egindako apustuarekin bat datorrela ere nabarmendu du.
Koldo Unanue Euskalteleko Marketin zuzendariak egungo egoeran aurrez aurreko hitzordua antolatzeak dakartzan zailtasunak aipatu ditu, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio-abiadura goraipatu du. Izan ere, edukiera murriztua dela eta, bertaratutakoek erabilpen-esperientzia bikaina izango dute. Gainera, "egun hauetan gozatzera, ikastera eta ezagutzak partekatzera" gonbidatu ditu parte-hartzaileak.
Halaber, Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta topaketaren koordinatzaileak, 540 parte-hartzaileen lankidetza eskatu du ekitaldia eredugarria izan dadin eta datozen hilabeteetarako aurreikusitako gainerako Encounterrek ere formatu presentziala berreskuratu dezaten. Gainera, eskerrak eman dizkie izena eman duten guztiei beren konfiantzagatik, eta aurrez aurreko formatura bueltatu izanaren garrantzia azpimarratu du, bereziki “Estatuko beste topaketak bertan behera geratzea erabaki baitute”.
Programatutako 90 jarduera
Topaketa segurtasun neurrietara egokitu behar izan bada ere, antolatzaileek egitarau interesgarri eta zabala prestatu dute. Denera, 90 jarduera izango dira, ohiko arloetan: sormen digitala, hardwarea, programazioa eta bideo-jokoak.