Kriptodiruaren sektorean areagotzen ari diren iruzurrez ohartarazi dute Euskal Encounterren

  • Segurtasun informatikoa, adimen artifiziala, robotika edota bideo-jokoen garapena bezalako gaiak dira Euskal Encounter 29 topaketaren hitzaldi eta tailerren ardatz, punta-puntako gai askoren artean.
  • “Kriptodiruaren mundua ez da teknologiaz ez dakienarentzat”, baieztatu du Eneko Astorkiza adituak; eta EHUko irakasle Mikel Peñagaricanok erantsi duenez, moneta digitalen erabilera demokratizatu egin den arren, “arrisku handiko inbertsioak dira, eta pertsona asko ez daude horretarako prest”.
  • Zibersegurtasunari dagokionez, konektatutako ibilgailuen arriskuak ere mintzagai izan dira. Interneta barneratua duten auto nahiz trenak helburu erakargarria dira delitugileentzat. Hortaz, modu egokian babestu ezean, hackerrek bahitu eta maneiatu ditzakete.
  • Programatutako jarduera guztiak lasaitasun osoz gauzatzen ari dira parte-hartzaileen laguntzari esker, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio-abiadurak esperientzia bizkor eta erosoaz gozatzeko aukera ematen du.
  • Ekimena Euskaltel Fundazioak antolatu du Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Euskaltelen babesarekin.

Kriptodiruan inbertsiorik egin aurretik behar bezala informatzearen garrantzia aztertu dute Euskal Encounter topaketan. Bitcoin edo antzeko monetek etekin handiak lortu nahi dituzten pertsona asko erakarri dituzte, gero eta errazago lor baitaitezke. Baina adituek ohartarazi dute oso arriskutsua dela espekulatzea ezagutza nahikorik ez duenarentzat.

Eneko Astorkiza adituak hitzaldi batean jakinarazi duenez, “kriptodiruaren mundua ez da teknologiaz ez dakienarentzat”. Hori dela eta, agertzen ari diren iruzur mota ezberdinen berri eman du, eta azpimarratu duenez, informazio faltsuak, irabaziak berehala lortzeko promesak eta ezagutza falta dira horrelako engainuetan erorarazten diguten arrazoi nagusiak. “Trebatu egin behar gara zertaz ari garen jakiteko”.

Ildo beretik, EHUko irakasle Mikel Peñagaricanok aditzera eman duenez, moneta digitalen erabilera demokratizatu egin den arren, “arrisku handiko inbertsioak dira, eta pertsona asko ez daude horretarako prest”. Hortaz, kriptodiruan inbertitzeak irabaziak ekarriko dizkigunaren uste horri indarra kendu behar zaiola iritzi du. Hala eta guztiz ere, aditu biek bat egin dute txanpon elektronikoen bertuteak azpimarratzerakoan: erreminta onuragarriak direla eta hazteko ahalmen handia dutela jakinarazi dute, baina beti ere behar bezalako prestakuntza duten pertsonek erabiltzen badituzte.

Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko abiadura itzelari esker, esperientzia paregabeaz gozatzen ari dira BECen elkartutako 500dik gora lagunak. Sormen digital, programazio, hardware eta bideo-joko arloetan programatutako jarduera guztiak normaltasun osoz gauzatzen ari dira, parte-hartzaileen lankidetzari esker.

Segurtasun informatikoa

Segurtasun informatikoa izan da prestakuntza-ekintzen ardatz nagusietarikoa. David Jiménez Cobok eta Martín Puga Egeak, OSANE Consulting eta Zerolynx enpresetan zibersegurtasunean adituak diren analistek, ibilgailu konektatuen zibersegurtasun-erronkak aztertu dituzte; hau da, Interneterako sarbidea duten eta, oro har, haririk gabeko edo satelite bidezko tokiko sare batera konektatuta dauden ibilgailuen arriskuez mintzatu dira. Automobil eta trenak delitugileentzat helburu erakargarria direla jakinarazi dute, eta ibilgailu horien segurtasuna indartzearen garrantziaz ohartarazi dute, hackerrek maneiatu ez ditzaten. Xedea urrunetik kontrolatutako operazioak indargabetzea da: adibidez, ibilgailuen norabidea blokeatzea, bide erdian geldiaraztea edo jabearen kontrolik gabe martxan jartzea bezalako arriskuak ekiditea.

Mintzaldian, bi adituek OMSP (Open Mobility Security Project) proiektuaren ezaugarriak azaldu dituzte. Horren helburua kontrol teknikoak estandarizatzea da, Interneterako sarbidea duten ibilgailu horien hacking segurtasuna ebaluatzeko. Proiektu irekia da, sektoreko adituek parte hartu eta beren ezagutza eta esperientziarekin garraiobide horien zibersegurtasuna hobetzen lagun dezaten.

Bideo-jokoak, etengabe hazten ari den sektorea

Alaix Riscok, Evil Zeppelinen sortzaileetako bat eta bideo-jokoetan adituak, sektore horrek etorkizunean izango dituen rol garrantzitsuenei heldu die hitzaldi batean. Zehazki, bideo-jokoen diseinatzailearen rola aztertu du. Izan ere, jokoaren esperientzia kontzeptualizatzeaz eta definitzeaz arduratzen den profesional horrek gero eta garrantzia gehiago du merkatuan. Bere erantzukizuna da istorioak, pertsonaiak edo agertokiak sortzea, joko-arauak, arau mekanikoak edo mailak eraikitzea, edo helburuak eta pertsonaien, objektuen edo beste jokalari batzuen arteko elkarreraginak definitzea.

Euskal Encounterren bideo-jokoekin lotutako beste hainbat hitzaldi ere eman dira, sektore horretan enpresa berri bat sortu nahi duten ekintzaileei laguntzeko bideratutakoak, esaterako. Jose Vicente Murgui Akura Studioko kideak bideo-jokoen aplikazio ugari aztertu ditu: adibidez, osasunaren, gizarte-kontzientziazioaren (bulling-a, besteak beste), lanbide-heziketaren, kulturaren edo gazteen hezkuntzaren arloetan.

Euskal Encounter bezalako egitasmoen antolakuntzari esker, gizartearekin, pertsonekin eta haien ideiekin bat egitea lortzen du Euskaltel Fundazioak. IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko lotura sortzen eta sustatzen laguntzea du helburu.

 

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 
 
 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch