Teknologiaren erabilerarekin lotutako arrakasta eta akatsak koronabirusaren aurkako borrokan, Euskal Encounterren aztergai

  • Pandemiaren testuinguruan, zientziaren arrakasta nagusiak izan dira, adituen esanetan, birusaren karakterizazio genetikoa lortzea eta txertoak denbora errekorrean garatzea, baina informazioa zabaltzerako garaian egindako akatsez kexatu dira, nahastea eragin duten azalpen sasizientifikoei bide eman baitiete.
  • Programatutako jarduera guztiak lasaitasun osoz gauzatzen ari dira parte-hartzaileen laguntzari eta biosegurtasun protokoloari esker, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio-abiadurak, horrelako topaketa batean aurkitu daitekeen azkarrenak, esperientzia bizkor eta erosoaz gozatzeko aukera ematen du.
  • Zibersegurtasunari buruzko hitzaldian, EuskalHack elkarteko Angel Alonsok bi faktoreko autentifikazioa ekiditeko teknikez ohartarazi du. Gizarte-ingeniaritzan oinarritutako iruzur horiekin email kontua edo sare sozialetako profila lapurtu ditzakete erasotzaileek, bai partikularrena bai enpresena.
  • Ekimena Euskaltel Fundazioak antolatu du Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) eta Euskaltelen babesarekin.

 

Covid-19an aditu diren bi zientzia-dibulgatzailek teknologiak pandemiaren aurkako borrokan izan dituen aplikazioen lorpen eta akatsak azaldu dituzte. Euskaltel Fundazioak antolatutako Euskal Encounter topaketan izan dira, besteak beste, Ignacio de Blas, Albaitaritzan doktorea Zaragozako Unibertsitatean eta Epidemiologian aditua, eta Alfredo Corell, Immunologoa eta Valladolideko Unibertsitateko katedratikoa. Pandemiaren testuinguruan, zientziaren arrakasta nagusiak izan dira, hizlarien esanetan, birusaren karakterizazio genetikoa lortzea eta txertoak denbora errekorrean garatzea, baina informazioa zabaltzerako garaian egin diren akatsez kexatu dira eta Radar Covid aplikazioaren porrota aipatu dute.

Covid-19aren jarraipen eraginkorra egiterako garaian, Espainiak teknologiaren ahalmena aprobetxatzeko gaitasunik izan ez duela aitortu du Corellek, eta Korea jarri du adibide, birusaren agerraldiak lokalizatzeko sistemari esker hedapena kontrolatzea lortu baitute. “Hemen, berriz, Radar Covid aplikazio mugikorrak porrot egin du alderdi ia guztietan”, adierazi du. Espainiarrek euren datuak partekatzeko duten errezeloa izan da arrazoi nagusietarikoa; izan ere, bere esanetan, beste herrialde batzuetan (Erresuma Batua kasu) gaixotasuna duten pertsonen jarraipena egiteko aplikazioak erabiltzen dituzte jarritako txertoak, sintomak eta abar behatu eta, modu horretan, gaixotasunaren garapena denbora errealean kontrolatzeko. “Espainian, oinarri-oinarrian, heziketa asko falta da osasunaren inguruan”, baieztatu du.

Egun Estatuan aplikatzen ari diren covid-aren aurkako neurriei dagokienez, iritzi du azkarregi kendu dutela maskarak kalean erabiltzeko betebeharra. Eta beharrezkoa deritzo gizarteari gogoraraztea txertoak ez duela erabateko immunitatea ematen; hau da, ezinbestekoa dela urruntze soziala mantentzea, baita eskuak maiz garbitu eta maskarak erabiltzea ere.

Alfredo Corellen aburuz, zientzia-komunitateak nahiz enpresa farmazeutikoek komunikazio ezegokia egin dute pandemian zehar, zehaztasun zientifikorik gabeko mezuak zabaltzen ziren bitartean. Desinformazio arriskuaren aurrean, zientziaren garrantzia jendarteratzeko beharra azpimarratu du. Hala ere, aitortu du zientzialariek zailtasun handia dutela pertsona ezagunek zabaltzen dituzten mezu okerrei aurre egiteko, oihartzuna lortzeko gaitasun nabarmen handiagoa baitute ospetsuek. “Zarata handia sortu eta osasun gaien heziketan kalte handia egin dute”, deitoratu du.

Horregatik guztiagatik, bereziki garrantzitsua iruditzen zaio politikariek, auzitegiek edo hedabideek etengabeko aholkularitza zientifikoa izatea. "Albistegietan kirol zein meteorologia gaietan espezializatutako pertsonak dituzten bezala, zientzian aditua den norbait ere izan beharko lukete".

Bestalde, Ignacio de Blas Zaragozako Unibertsitatean Albaitaritzan doktore eta Epidemiologian adituak nabarmendu du arrakasta handia izan dela, azken urteotan pilatutako ezagutza zientifikoari esker, koronabirusaren karakterizazio genetikoa lortu eta txertoak bizkortasun handiz garatzea. Aldi berean, onartu du akats batzuk ere badaudela, hala nola teknologia behar bezala ez aplikatzea birusaren aurkako borrokan. Bere ustez, ez da lortu herritarrak kontzientziatzea pandemiari buruzko informazioa eskuratzearen garrantziaz, kutsatzeko bideak ezagutu eta transmisio-kateak mozte aldera.

Horrez gain, onartu du zientzialari gutxik eman dutela dibulgazio zientifikorako pausoa, “eta horren ondorioz eremu hori zabalik utzi diegu sinesmen faltsuak gizarteratu dituzten sasi-zientzialari batzuei”. Era berean, koronabirusaren jokaera zehatza ez ezagutzearen ondorioz herritarrei helarazitako informazio kontrajarriak ere kaltegarriak izan dira. Hobetu beharreko estrategiei dagokienez, txertoaren babesari buruzko mezu sinpleegi eta baikorregiak ere aipatu ditu; izan ere, txertoak, funtsezko tresna den arren, ez du erabateko babesik lortzen gaixotasunaren aurrean.

Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) babesarekin. Horrelako egitasmoei esker, gizartearekin, pertsonekin eta haien ideiekin bat egitea lortzen du Euskaltel Fundazioak. IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko lotura sortzen eta sustatzen laguntzea du helburu.

Programatutako jarduera guztiak lasaitasun osoz gauzatzen ari dira parte-hartzaileen laguntzari esker, eta Euskaltelek eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio-abiadurak, horrelako topaketa batean aurkitu daitekeen azkarrenak, esperientzia bizkor eta erosoaz gozatzeko aukera ematen du.

Zibersegurtasuna: gizarte-ingeniaritzan oinarritutako erasoak

Zibersegurtasuna ere mintzagai izan da gaur. EuskalHack elkarteko Angel Alonsok bi faktoreko autentifikazioa ekiditeko teknikez ohartarazi du. Gizarte-ingeniaritzan oinarritutako iruzur horiekin email kontua edo sare sozialetako profila lapurtu ditzakete erasotzaileek, bai partikularrena bai enpresena. Normalean, berehalako mezularitza-zerbitzu baten bidez, ziberdelitugileek biktimen konfiantza irabazi eta SMS bidez helarazten dizkieten kontuak berreskuratzeko kodeak eskatzen dizkiete. Hala, beste zerbitzu batzuetako kodeak lortzen dituzte, baita dokumentazioa ere. Hortaz, maila desberdinetako kalteak sor ditzakete, sare sozialetako kontu baten kontrola hartzetik biktimaren izenean banku-kreditu bat eskatzeraino.

Angel Alonsok gauzatutako azterlan batek datu kezkagarriak azaleratu ditu: teknika horiek erabiliz kontaktatu dituen pertsonen % 80aren konfiantza bereganatzea lortu eta kontuen berreskuratze-kode faltsu horiek eskuratzea lortu du, haiek bidalita. Arazo horiek ekiditeko, EuskalHack elkarteko informatika-adituak behin eta berriz azpimarratu du ez emateko inori klabe horiek, inolako kasuan, eta gurekin harremanetan jartzen diren (askotan, presarekin) ezezagunez ez fidatzeko esan du, nahiz eta haien kontakizuna oso sinesgarria izan.

Antolatzailea

Euskaltel Fundazioa
Euskalamiga Elkartea

Ahotsa:

943-533696 (9:00-13:30 eta 15:30-19:30 CET, astelehenetik ostegunera eta 9:00-13:30 ostiraletan)

IRC auzo ofizialak:

IRC-Hispano
#euskal
QuakeNet
#euskal

Edozein galdererako:

olatz@euskalencounter.org

Prentsa arduraduna:

Aitor Ubarretxena. Infotres Comunicación.
943 22 45 30 / 688 92 90 88
E-mail: press@euskalencounter.org
 
 
 
 
 

twitter facebook flickr youtube instagram twitch