- Euskal Encounterren 29. edizioa normaltasun osoz eta 540 partaideen konpromiso handiarekin egin da. Euren lankidetzari esker, bilkura arrakastatsua izatea lortu dute.
- Segurtasunaren aldeko apustua izan da hitzorduaren lehentasun nagusietariko bat; izan ere, covid-aren aurkako protokolo zorrotza izan du, pabiloi erraldoiek, aireztapenak eta edukiera murriztuak lagunduta. Edizio honetan, azken urteekin alderatuta, partaidetza %10era mugatu da pertsonen arteko distantziamendua bermatu ahal izateko.
- Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta lanpartyko koordinatzaileak, oso nota ona jarri dio ekitaldiari. Asebetetze-inkesten emaitzak ezagutzeko zain, parte-hartzaileen balorazioak oso positiboak izaten ari direla aurreratu du.
- Ekitaldia Euskaltel Fundazioak antolatu du, Euskaltelen eta Eusko Jaurlaritzaren (SPRIren bitartez) babesarekin.
Euskal Encounter 29 balantze oso positiboarekin amaitu da gaur. Lau egunez dozenaka jolas, lehiaketa eta prestakuntza jarduerez gozatu ondoren, 540 partaideek erakutsitako konpromiso handiagatik pozik agertu da antolakuntza; izan ere, haien inplikazioarekin, ekitaldia arrakastatsua izatea erraztu diete antolatzaileei. Segurtasunaren aldeko apustua izan da hitzorduaren lehentasun nagusietariko bat; izan ere, covid-aren aurkako protokolo zorrotza izan du, pabiloi erraldoiek, aireztapenak eta edukiera murriztuak lagunduta. Edizio honetan, azken urteekin alderatuta, %10era mugatu da partaidetza pertsonen arteko distantziamendua bermatu ahal izateko.
Sabino San Vicentek, Euskaltel Fundazioko zuzendari eta lanpartyko koordinatzaileak, eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei, topaketa “eredugarria” izan baita. Asebetetze-inkestak jaso bitartean, parte-hartzaileen lehen balorazioak oso positiboak izaten ari direla aurreratu du. Hori dela eta, antolatzaileak oso pozik daude, batez ere partya berme guztiekin egin ahal izan dutelako, horrelako bilkura guztiak bertan behera geratu diren garaiotan.
San Vicenteren ustez, edizio konplexu hau antolatzeari esker lortutako eskarmentuak "indartzeko balio izan gaitu”. Etorkizunari begira, helburua aurrez aurreko Encounter hitzorduekin jarraitzea da, betiere osasun-egoerak ahalbidetzen duen neurrian, horixe baita lanpartyen funtsa. "2020an eta 2021eko lehen seihilekoan egindako topaketa birtual guztiek zaleen komunitatea batzen lagundu dute, baina horrelako bilkuren xede nagusia, hain zuzen ere, ondo pasatuz ezagutza eta esperientziak trukatzea da, eta hori guztia aurrez aurreko topaketetan gauzatzen da hobekien", adierazi du San Vicentek.
Hala, Encounter sarearen hurrengo hitzordua XGN R Encounter izango da, urriaren 8tik 11ra Silledan (Pontevedra) egingo dena, eta hau ere presentzialki egiteko asmoa dago.
Euskal Encounter Euskaltel Fundazioak antolatu du gizartearekin, pertsonekin eta beren ideiekin bat egin asmoz. IKTen erabileraren testuinguruan, pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko lotura sortzen eta sustatzen laguntzea du helburu Euskaltelek. Gainera, telekomunikazio operadoreak eskainitako segundoko 60 gigabiteko konexio-abiadurak, horrelako topaketa batean aurkitu daitekeen azkarrenak, esperientzia bizkor eta erosoaz gozatzeko aukera eman du.
Hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak eta jolasak
Topaketak 90 jarduera inguru eskaini ditu. Hitzaldiak, tailerrak, lehiaketak eta jokoak izan dira ohiko alorretan: sormen digitala, hardwarea, programazioa eta bideo-jokoak. Edukiera mugatuko edizioa izan arren, prestakuntza eta jolas-ekintzetan oso handia izan da parte-hartzea.
Interes berezia piztu duten hitzaldiak egin dira; hala nola Ignacio de Blas Epidemiologian adituak zein Alfredo Corell immunologoak emandakoak, zeinek Covid-19ari aurre egiterako garaian teknologiaren erabilera aldetik izan diren arrakastak eta porrotak aztertu dituzten. Jarraipen handia izan dute, halaber, zibersegurtasunaren, bideo-jokoen, kriptomoneten, adimen artifizialaren edo sormen digitalaren inguruko hitzaldiek.
Era berean, Euskal Encounterreko Twitch eta YouTube kanalen bidez emandako 28 hitzaldiak milaka lagunek jarraitu ahal izan dituzte online. Gainera, eskuragarri geratuko dira YouTuben interesa duten guztientzat.